2010/12/01

Tipi tapaka...


Denbora da... eta denborak aurrera egin du azken hitzekin jolasean aritu nintzenetik...

Saharako haize epelak tentatuta egin nuen orduan, eta ordutik haize hotz, epel eta beroak igaro dira gure ondotik...

Ikaraturik sartu naiz txoko honetara, gomuten zurrunbiloan biraka... hamaika kontu ezberdinez beterik burua eta bihotza...

Eta horrelakoetan, zail egiten zait hitz egokiak aurkitu eta barrukoa lau haizetara zabaltzea.
Baina konturatzen naiz inoiz baino behar handiagoa dudala askatzeko, esan gabe neukana esateko!Lau haizetara oihukatzeko, hankahutsik limoizko izozki bat behar duzula diozunean bezala... nik denborak hoztuko ez duen infusio bero bat nahi dudala... zure ondoan, zuen guztion ondoan.

Idazten jarri naiz... zer esan nahi dudan, zer esango dudan jakin barik...
teklaz tekla saltoka, irri ttikiaz eta malko gardenaz... baina azkenean idazteari ekin diot.
Beldur barik, ikara barik... barne lasaitasun horren bilaketan. Hitzak plazaratzeak plazerez beteko banindu bezala...

Agian, zentzu gutxiko berba dira irakurritakoak, baina poliki-poliki askatzen ari naizela senti dezaket...

Ez dut denbora pasatzen utzi nahi eta aldi berean, udazkenak azken hostoak lur hartzea desio dut, jada urtaroari aurpegi eta sentimendu bat egotzi dizkiodalako... eta horrela, norabiderik gabeko zurrunbiloan sartu naizelako. Non hasi eta non amaitzen den kontrola ezin dudan horretan.

Baina apurtu nahi dut. Amaiera eman... eta irrieri, algareri, txorakerieri bide utzi... niregana hurbil daitezela eta ez nazatela berriz ere abandonatu. Tarteka une makurreri kuku eginez, baina tarteka besterik ez.

Horixe ba, hitzez hitz... idazteari ekin diot. Naizena izateko, haien beharra baitut. Eta ez diot paperak, pantailak... berbez betetzeari utzi nahi...

Egin dudanak zentzurik ba ote duen? Nik zer dakit, unean atzamarren erritmoa bihotz nahiz buruarekin koordinatu eta hauxe emaitza...

Hurren arte!

8 comentarios:

  1. Limoizko izozkia eta izokina enkargatuta ditut. Etorri nahi duzunean, zure zain gaude hiruok.
    Eta ez geratu atzamarrak, utziezu aske nahi dutena esaten. Gero, ahaleginduko zara denokin batera, zer dioten ulertzen. Edo ez.
    Batzuetan, hori gutxienekoa da. Baina hori bai, hori ere, batzuetan.

    Limoizko miazkada bat!

    ResponderEliminar
  2. Ez itsutu ezeri zentzua ematen, oinaze bakoitzak ekarriko du noranzkoa. Ez itsutu noranzko hori jarraitzen, ez gara sumiso izateko jaio. Ez itsutu begirada bakar batekin, mila nini dituzu zuri begira, goxotasunez, miresten.

    ResponderEliminar
  3. Limoizko miazkadak ere gogoko ditut!!

    Eta mila niniren artean, zein ote da zurea?

    ResponderEliminar
  4. Nireak zabal-zabalik dauden horrek dira. Begira-begira, inguru guztira... zer aurkituko, zer bustiko nini-ingurua... zerk aterako, irribarrera arte iritsiko den malko bero hori!
    Zurekin busti nahi ditut masailak! Non zaudeee!!!

    ResponderEliminar
  5. Ederrak dira blog honen bitartez oparitzen dituzun hitz eta sentimenduak... batzuetan gogoetarako deia, besteetan barnegiro baten amets gorpuztua.
    Neu ere beti begira egon naiz, beste hamaika ninien artean. Baina gaur, azkeneko zure hitz horiek irakurtzean, zureak zeinen politak diren adierazteko gogoa geldiezina piztu zait; jarraitzeko ta jarraitzeko esateko; apetak, desioak, amodioak, desamodioak, herriak, deserriak, malkoak, irriak... horiek guztiak eta gehiago maite dizkizugu.

    segi idazten polit hori!

    ResponderEliminar
  6. Aurpegi bat jarri barik, hitzen bitartez... soilik edo guzti horrekin, irri txiki batek egin dit ihes...

    Nik idazten jarraituko dut, zuk irakurtzen jarrai dezazun...

    Mila esker!!eta laster arte!

    ResponderEliminar
  7. Sarri itsutu dituzun niniak dira nireak. Misterioak dena galtzen du galdera guztien erantzuna jakitean.

    ResponderEliminar